Ikastolako irakasleok, bat egiten dugu ikastolek elkarlanean eraikitzen eta hobetzen joan garen Ikastola ereduaren nortasun ezaugarri bereizgarriekin, eta beraz, Lehen Hezkuntzako etapak ADAXKA, hezkuntza proiektu berritzailea diseinatu eta garatzeko 2008-2009. Urteetan Euskal Herriko ikastetxe gehienek elkarrekin eraiki eta onetsi zuten Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculumean oinarritu gara.
Lehen Hezkuntza, derrigorrezko hezkuntzaren ardatza da, eta pertsonaren garapen osoa (norbanako, gizartekide eta izadikide gisa) lortu ahal izateko oinarri sendoak finkatzea lortu behar dugu etapa honetan zehar. Ondorengo ikasketak egiteko, lan munduan aritzeko eta bizitza osoan zehar ikasten jarraitzeko prestakuntza ahalbidetuz.
Ikastolako irakasleok haurra ulertzeko ikuspegi bateratua onartzen dugu, eta oinarri honetatik datoz burutzen ditugun proiektu pedagogikoak.
Haurra txiki-txikitatik, berezko gaitasunak dituen pertsona dela ulertzen dugu, zenbaitetan gaitasun hauek ezin sumatuzkoak diren arren. Gainera, haur bakoitzak bere singularitatea duelaz ohartu behar gara, eta eta hau onartu eta honen aberasgarritasunaz baliatu behar gara. Honez gain, barneratu beharra daukagu, haurra bera dela bere garapenaren protagonista eta guk garapen-testuinguru aberatsa eta segurua eskaini behar diogula, osasunki garatu ahal izateko, bakoitzaren erritmoak errespetatuz.
Garrantzi handia ematen diegu hezkuntza konpetentzia orokorrak barneratzeari (pentsatzen eta ikasten ikasi; komunikatzen ikasi; elkarrekin bizitzen ikasi; norbera izaten ikasi eta ekiten nahiz egiten ikasi), hezkuntzaren xedeak lortzea horien menpe dagoelako, eta konpetentzia horiek gabe, ezinezkoa baita bizitza osorako hezkuntzarako oinarriak ezartzea. Baina kontuan hartu beharra dago, ezinbestekoa dela hezkuntza konpetentzia orokor horien eta diziplina arloei dagozkien konpetentzien arteko integrazioa lortzea. Proiektu honen ezaugarri bereizgarriak ondorengoak dira:
Lehen Hezkuntzako ikasleek aukera dute haien aurrrezagutzetatik eta jakinminetatik abiaturiko proiektuak lantzeko, bai eta modu autonomoan aukeraturiko espazio anitzetan aritzeko ere. Honek, haien ikaskuntzan ezinbestekoa den motibazioan eragin zuzena dauka, haien esperientzien bidez garatzen baitituzte oinarrizko konpetentziak.
Ikastolako haur eta gazteen garapena eta zaintzarako baldintzak egokiak direla bermatuko ditu irakasleak. Halaber, ikasleen behar eta interesak kontuan hartuko ditu eta horiek asetzeko eskaintzen katea piztuko du irakasleak, haien irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan bidelagun eta gidari izanik.